domingo, 26 de septiembre de 2010

GIZAKI ORO DA ARTISTA

Koldo Mitxelenako erakusketan jorratzen den gai printzipala Land art-a da, non natura espresatzeko modu garrantzitsu bat bihurtzen den zenbait artistarentzat.

XX. mendeko 70. hamarkadan, bereziki Amerika iparraldeko eta Europako artista asko paisaiarekin eta baliabide naturalekin lanean hasi ziren. Land art-a efimeroa da, ez da betirako bizirik iraungo duen arte bat eta askotan, eraldatzen joango da denbora igaro ahala. Hauetako obra askok eskala monumentala dute eta gehienak ikuslearen begiradatik at kokatzen dira (mendian, basoan...).

Bestalde, Land art-a, gizartea martxan jartzeko tresna bezala ere uler daiteke. Hori argi eta garbi geratzen da Joseph Beuys artistak eginiko esperimentuan. Gerra osteko artista aleman ezagunenetako bat izan zen eta eztabaida ugari sortu zituen bere inguruko jendearen artean.   
Bere obra garrantzitsuenetako bat 7000 haritz (1982) izan zen. Lan eskultoriko monumental bat inauguratu zuen Kasselen. Herriaren zentroan, basaltozko harri multzo bat kokatu zuen eta horietako harri bakoitza zuhaitz baten sinbolo izango zen. Bere helburu nagusia kontzientzia ekologikoa areagotzea zen, beraz, herri osoan zehar zuhaitzak landatzea eskatu zuen. Hauetako bakoitzaren ondoan basaltozko harri bat egongo zen zuhaitz horien babes gisa.



Ideia zentzugabe bat zela zirudien hasieran baina herriko biztanleak pixkanaka ekintza horretara batzen joan ziren eta guztien artean, azalera gris bat zena azalera berde bihurtu zuten. Naturaren aldeko elkarlana izan zen emaitza.



“gizaki oro da artista eta ekintza bakoitza artelana”
                                  joseph beuys (1921-1986)


viernes, 24 de septiembre de 2010

KURTSO BERRIARI BURUZ...


Dagoeneko kurtso berriari hasiera eman diogu eta nahiz eta hasieran pixkat kostatu, lan erritmoa hartzen joan beharko gara, beraz, zer hobe blog bat sortzea baino!

Laugarren mailan gaude jada eta askok diote proiektuak III dela karrerako ikasgairik gozagarriena. Aipatu beharra dago proiektua beste ikaskide batekin egiteak bere abantailak izan ditzakeela. Askotan ideia baten aurrean itsutu egiten gara eta bigarren baten iritziak lagundu egin diezaguke. Gainera, bakoitza bere estiloa hartzen joan da urte hauetan zehar eta beraz, baten lanak, bestearena osa dezake.

Tokiari dagokionez, Urdaibai hautatu izana ideia ona dela uste dut. Denetik duen paraje bat da. Topografia malkartsu bat edota itsaso laua topa ditzakegu, ondorioz, gure proiektuek baldintza jakin batzuk bete beharko dituzte. Lau proiektuak Urdaibain garatuko diren arren, ez dut uste esperientzia monotonoa izango denik, gune ezberdinak landuko baititugu.

Aurreko urtean, etxebizitzak garatu genituen bereziki eta lehenengo ariketa aisialdiarekin lotua dagoela jakiteak motibatu egiten nau, zerbait ezberdina baita, orain arte ia egin ez duguna. Bestalde, ariketa bakoitzean irakasle ezberdin bat izatea oso ideia ona da, horrela, guztiengandik zerbait ikasi ahal izango dugu.  

Askotan, proiektu bat egiteko unea iristen denean, ez naiz guztiz seguru sentitzen, batzuetan ez dakit egiten dudana ondo dagoen, beraz, esperimentatzeko eta ongi pasatzeko urtea izatea espero dut. Ikasteko gogoa dut.